“Arabako Lanbide Heziketako enplegagarritasunari buruzko jardunaldien” Europa Jauregian

“FP ON LH” lelopean,Arabako Lanbide Heziketako enplegagarritasunari buruzko jardunaldien bigarren edizioa egingo da azaroaren 29an eta 30ean Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Jardunaldiek helburu bikoitza dute: batetik, Lanbide Heziketako ikasleen etorkizuneko enplegagarritasuna hobetzea, eta, bestetik, Enplegu Azoka baten bidez, enplegua lortu nahi duten edo hobetu nahi duten pertsonen laneratzeko aukerak hobetzea.

Arabako LHko Enplegagarritasunari buruzko Jardunaldiak Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapena eta Foru Administrazio Sailak antolatu ditu, eta Lanbide– Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Ikaslan Araba eta HETEL Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe sareen babesa dute, hurrenez hurren.

Asteartea, hilak 29a: Arabako LHko ikasleentzat

Lehenengo egunean, Arabako Lanbide Heziketako azken ikasturteko 300 ikasle baino gehiago bilduko dira, eta 9:30etan hasiko da jardunaldia, honako hauen eskutik: Cristina González Calvar, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko diputatua; Juan Carlos Ibarrola, Lanbideko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria; eta, Ikaslan-Araba elkartearen aldetik, Javier Ochoa de Alaiza presidentea eta Xabier López de Santiago, HETEL Arabako ordezkaria.

Ondoren, 10:00etatik 11:00etara, mahai-inguru bat egingo da “Lanbide Heziketa, lana eta pasioa” lelopean, Lanbide Heziketari lotutako ikasle eta profesionalen testigantzak jasotzeko.

Eta atsedenaldiaren ondoren, Gamarrako Ostalaritzaren eskutik “LH prestatzenshowcookingak girotuta, 11:30etatik 13:30etara bitartean, bost tailer egingo dira – ikasleek bi aukeratu ahal izango dituzte, aldi berekoak baitira eta bakoitzak ordu bat irauten baitu – ikasleen trebetasun bigunak edo “soft skills” direlakoak hobetzeko. Horien artean, hautaketa-prozesuen eta lan-elkarrizketen simulazioak egongo dira.

Zehazki, emango diren bost tailerren izenburuak hauek izango dira 1/ “CVa ez da nahikoa, 1.0etik 4.0era”, Inma Arroyo pedagogo eta hitzezko eta hitzik gabeko komunikazioan adituaren eskutik. 2/ ”Zure marka pertsonalak dena dio, sare sozialak, Internet eta enplegua”, Miguel de Andrés sormen eta komunikazio digitaleko irakasleak emango duena. 3/ “Zure gaitasunak ezagutzen dituzu? Aurkitu itzazu jolasean”, Leyre Cano prestatzaile eta coaching ludikoan adituak emango du. 4/ “Garatu zure koloretako talentuak enplegua lortzeko”, Javier Yoller, enpresa coacha Biznes Consultoresen eta 5/ “Eta zuk zer nahi duzu? Dena da posible” Beatriz Armentia, Temps ETTeko zuzendaria eta Ampea elkarteko bazkidea.

 

Asteazkenean, hilaren 30a: Enplegu Azoka

Asteazkeneko jardunaldia 16:00etatik 19:00etara izango da, eta lan bila dabiltzan edo lana hobetu nahi duten Lanbide Heziketako tituludunei zuzenduta dago batez ere. Bigarren jardunaldi honetara joan nahi duten pertsonek aurretik eman behar dute izena http://bit.ly/3UXThql helbidean, dagoeneko 50 pertsona baino gehiagok eman dute izena.

Enplegu Azokaren helburua da, bai lana bilatzen ari diren LHko tituludunei, bai hura hobetu nahi dutenei, enpresa parte-hartzaileekin trukatzeko gune bat eskaintzea, haien enplegagarritasuna hobetzeko. Jardunaldi honek LHren eta Lanbide Heziketa tituludunen errealitatea Arabako enpresa-sarera hurbilduko ditu, enpresek LHko ikastetxetako prestakuntza-prozesuetan parte har dezaten sustatuz eta lanbide-kualifikazio hori duten pertsonen kontratazioa bultzatuz. Horretarako, Arabako hogei enpresa inguru izango dira bertan, besteak beste, Pepsico, Aciturri, RPK, Naivan-Sidenor, Talgo, Serveo, Guascor-Energy eta Igurko. Era berean, ekimen ekintzailea sustatu nahi du pertsona horien artean, baita sormeneko, motibazioko, lidergoko eta berrikuntzako zeharkako beste gaitasun batzuk ere, Arabako lan-merkatuan sartzea errazteko.